Milaka lagunek Errenteria, Pasaia eta Donostia batu dituzte “Batasunaren bidean” giza katean

Giza kate alai eta koloretsu batek Errenteria, Pasaia eta Donostia elkartu ditu, gaur, “Batasunaren bidean” ekimenarekin. Euskal Herriko ikastoletatik hurreratutako zazpi mila ikaslek eta haiei batu zaizkien ehunka euskaltzalek osatu dute euskara batuari gorazarre egiteko  8.226 metroko soka luzea.
Orereta ikastolak sustatu eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da, eta euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak omentzeko egin da, eta transmisioa eta jarraitutasuna irudikatu nahi izan da giza katearen bitartez.


Goizeko 10:45etan hasi da ekitaldia Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, eta 11:00etan eman zaio hasiera giza kateari. Ordu erdiz lotuta egon dira Errenteria, Pasaia eta Donostia, eta horren ostean, giza katean parte hartu dutenak ibilbidean prestatuta zeuden bost guneetara hurbildu dira, goizeko saioari amaiera emateko jaian parte hartzera.
Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izan ditu protagonista. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adierazi zaizkie, giza katearen amaieran eginiko ekitaldietan ikasleetako batzuek irakurri duten idazkiaren bitartez eta egunotan ikastoletan euskara batuaren inguruan egin den lanketaren bitartez . 

Gehiago irakurri

Etiketak