Inoizko ekarpenik handiena bildu du euskalgintzarako Errigorak

16.000 saskitik gorako eskaera jaso du aurten Errigorak. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka zortzigarren kanpaina “berezia” izan dela aitortu dute ekimena sustatzen duten AEK, Ikastolen elkartea, Sortzen eta Errigoraren ordezkariek: “Berezia, denok dakigun bezala, pandemiak eraginda, ezohiko egoeran aritu behar izan dugulako. Ingurukoekin harremantzeko aukerak mugatuta, inoizko baldintza okerrenak izan ditugu auzolanerako. Baina, aurtengo kanpaina berezia izan da, batez ere, sasi guztien gainetik elkartasuna nagusitu delako. Inoizko baldintza gaiztoenetan inoiz baino ekarpen handiagoa bildu dugu euskalgintzarako: 302.000 euro”.

Hunkituta eman dute datuen berri: “Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez”.

Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldean behar handiak ditu euskalgintzak lehendik ere, eta diru honek balioko du AEK-k dituen euskaltegien, bertako ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzeko. Baita Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara plazara ekarri nahi duen egitasmo berriak, Agerraldiak, bere agenda garatzeko nahikoa baliabide izan dezan ere. Aurten, gainera, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria jasoko dute AEK-k, Seaskak eta Sortzenek zuzenean.

Eskaera guztiak jasota, orain saskiak banatzeari ekingo dio Errigorak, Euskal Herrian barrena dituen sarekideen bitartez.

Errigora web gunea

Etiketak