Ikasys

Ikasle bakoitzak du bere estiloa eta erritmoa ikasteko orduan, eta bakoitzaren berezitasun horri nola erantzun behar zaion asmatzea da hezkuntzaren arazo nagusietako bat. Eskolako zenbait eduki ariketetan trebatuz eta memorizatuz barneratzekoak dira, eta arlo horietan sortzen da zalantza gehien, hor ikusten baita alde gehien ikasletik ikaslera. Bakoitzaren berezitasun horri irtenbide egokia emateko, ikasleek ariketa batzuei erantzun behar izaten diete edo memoria ariketak egin behar izaten dituzte. Behar honi erantzuna eman nahian, Ikastolen Elkarteak IKASYS Proiektua sortu zuen.

Hiru zeregin ditu:

Trebatzeko

Ikaskuntzaren hainbat prozeduratan trebatzeari zuzentzen zaizkion jarduera sistematiko eta progresiboen bilduma da. Besteak beste, kalkulua, ortografia, problemen ebazpena, fisikaren algoritmoak, kimikaren formulazioa,…

Memorizatzeko

Ikaskuntzaren hainbat eduki memorizatzea lagundu dezakeen jarduera sistematikoen bilduma da. Besteak beste, datu eta gertaera historikoak, geografia-toponimia, literatur obrak eta autoreak, hizkuntza-lexikoa, formulazioa, …

Nork berea egiteko

Ikaskuntzaren maila eta erritmoa ikasleak berak, era autonomoan eta indibidualean, dituen ahalmenen baitan, bere buruari ezartzeko eta jarduerak egiteko eskaintzen duen prozesua.

Zein du helburu?

Egoera sinpleetatik abiatuz (aprendizaia puntualak), ikasgelan eta eguneroko bizitzan sortzen zaizkion egoera-problemak ulertzeko eta egoera hauei aurre egiteko, ikasleari bere beharrei egokitutako tresna sendoak ematea da proiektuaren helburu nagusia. IKASYS Proiektuko jardueren bidez, ikasleak konpetentzia desberdinak lortzen lagunduko dien eta  helburu espezifiko moduan definitutako aprendizaia puntualetan trebatuko dira.

Zein prozedura erabiltzen du?

    Kontratu didaktikoa: ikaslearen gaitasuna eta ahalmena kontuan izanik kontratu didaktikoa egingo da, bertan, irakasleak ikaslearekin batera adostuko du zer lan egin behar duen (zenbat ariketa, gainditu beharreko zailtasun maila, denboralizazioa,…).
    Aniztasunari erreparatzea: ikasle bakoitzak bere mailaren arabera landuko ditu aurrez hitzartutako ariketak. Bitartean, irakasleak lana gainbegiratuko du eta behar duen laguntza emango dio.
    Dibertsifikatzea: aurrekoarekin batera, behar bereziak dituzten ikasleen jarraipenean edota etorkinen hainbat beharretan ere lagundu dezake proiektuak.
    Ebaluazioa: ikasleak ariketak egin ahala, aplikazioak zuzendu egingo ditu; aldi bereko zuzenketa da. Lana bukatutakoan, ikasleak, irakaslearekin batera, jardueraren balorazioa egingo du, zer zailtasun izan duen, eta egiten duten balorazioaren arabera, bien artean erabakiko dute zein neurri hartu behar dituzten eta zein lan konpromiso ezarriko duten hurrengorako.

Gure Ikastolan, Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailatan lantzen dugu. Euskara, gaztelania eta ingelesa ikasgaietan hain zuzen ere.