IKASTOLAK izango da ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko dugun hitza.
Ikastolak indar berriz gatoz, betiko balioekin eta proiektu berriekin, eta aldi berri baterako irudi berri batekin. Halaxe azaldu dute, gaur, Bergaran, Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldian, ikastoletako ordezkariek. Bergarako Seminarixoa mukuru beterik zegoela ospatu dugu ekitaldia ikastolok, eta bertan hitza hartu dute Ikastolen lehendakari Nekane Artolak, lehendakariorde Erik Etxartek, zuzendari nagusi Agurne Barrusok eta Ikastolen Lagunak elkarteko kide Katty Iglesiasek.
Iazko ekainean ospatutako Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak martxan jartzeko ikasturtea dugu aurtengoa. Euskal gizarteak dituen erronkei eta hezkuntzari egiten dizkion eskakizunei erantzuteko unea dugu. Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldian azaldu ditugu erronka horiek: pertsonen aniztasuna eta ekitatea, kulturen arteko harremanak, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, denon lurraren geroa, lurraldeen arteko lotura eta sareak, garapen pertsonala eta elkarren zaintza, lan mundua eta gizarte onura...
Aspaldian, hizkuntza, hezkuntza zein herrigintzari aipamena egiten dioten diagnostikoek errealitatea bere gordintasunean azaldu digutela, esan da ekitaldian. Geldialdi batean gaudela dirudi baina Ikastolok ez dugu etsipenean erori nahi, indarraldira jo nahi dugu. “Gure aurrekoek gurea baino askoz garai zailagoan sortu zituzten ikastolak. Orain ere, azken urteotan sortu diren ikastoletako batzuk ingururik zailenetan sortu dira. Geure lana da bagatoz esatea. Itzalei argia eskaintzea, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa. Eta haurrei irribarrea. Bagatoz lanera, heztera, jolastera, eta garena izateaz gozatzera”.
Erronka berriak aipatu dira gaurko ekitaldian, eta haiei erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari gara Ikastolak. Horietako batzuk aipatu dituzte gaurko ekitaldian: inklusiotik ekitatera jauzi egiteko egitasmoa; euskararen erabilera indartzekoak; digitalizazioari neurria hartzekoa; pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera jauzi egitekoa. Eta aipamen berezia egin nahi izan zaio ikasturte honetan DBHn eta datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzan ezarriko den Onki programari, ikuspegi holistiko batetik landu duguna eta lantzen ari garena, zeinak pertsona bakoitza bere osotasunean hartuz, Ikastolen komunitatearen ongizatea zainduko duen, bereziki ikasleena.
Zer egin nahi dugun eta egitera goazen bezala, nola egin nahi dugun ere azaldu dute ikastolen ordezkariek: “Garai honek jarri dizkigun erronkei ere halaxe erantzungo diegu, komunitate gisa, auto-eraketaren bidez erabakitzen eta antolatzen ditugun bideak urratuz”, baina ikastolokin batera bide horiek jorratu nahi dituzten hezkuntza eta gizarte eragile guztiekin batera.
Informazio gehiago : ikastolak.eus