Hamarka mila pertsona elkartu dira Bilbon, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean, azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak salatzeko manifestazioan. Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioak atxikimendu zabala jaso du sektore sozial, sindikal eta politiko ugaritatik.

HITZARTZEA

“Euskaldun izatea zein nekeza dan”. Horra Ruperrek ekarri digun oharra. Baina beste bat ere bai: “Zaindu maite duzun hori”. Eta hara: gaurko euskaldunok, euskaltzaleok, zerbait bagara nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza gara. Gure memoria bizi eta gorpuztuaren parte dira oraindik debekuak eta zigorrak. Koldo Mitxelenak azpimarratu zuen bezala, euskararen misterioa ez baita bere jatorria, gaurdaino bizirik irautea baizik. Hain zuzen, mendez mende, hamarkadaz hamarkada, belaunez belaun, gauzatu den zaintza bat da mirari horren giltza. Zaintza kate erraldoi bat, sakon eta iraunkorra, oihan bateko sustrai sarea bezain hauskor, hura bezain tinko.

Gehiago irakurri

Etiketak