Hastear dagoen bidaia

Haur Hezkuntzako etaparen garrantzia azpimarratu nahi izan du Zubi Zahar Herri Ikastolak, umearen bizitzako lehenengo urteetan hezkuntzan izan dezakeen eragina mahaigaineratuz. Abentura berriari ekiteko ateak zabalik ditu ikastolak, umearentzat espazio segurua bermatu eta garapen kognitibo, emozional eta sozialerako oinarriak eraikiz.

Hazia urte batzuk lehenago erein bazuten ere, 1966ko udazkenean loratu zen Zubi Zahar Herri Ikastola, Antzosolon. Ordutik, apurka-apurka, eraberritzeko, urte luzeetan sustraitutako zenbait gauza deseraikitzeko, beste zenbait mantentzeko, eta, nola ez, hutsetik sortzeko pausoak ematen dabil Ondarroako ikastola. Izan ere, gizartea aldaketa mugagabean dagoen honetan, hezkuntza ere eskutik joan behar da; hortaz, loratzen jarraitzeko beharrezko aldagaia dela argi daukate.

Ume baten bizitzako lehenengo urteen garrantzia ukaezina da; hala, abentura berriari ekiteko unean, umea inguratzen duen espazio seguruari arreta jartzeak berebiziko ardura eskatzen du. Izan ere, lehen urte horietan, umeak garapen kognitibo, emozional eta sozialaren oinarriak eraikitzen ditu. «Gure ikastolan etapa hau erabakigarritzat dugu eta giro beroa eta segurua eskaintzen dugu, ume bakoitzak bere erritmora esploratu, ikasi eta hazteko aukera izan dezan».

Haur Hezkuntzako aro horretan, irakaskuntza eta zoriontasuna uztartuz, umearen garapen osoa eta orekatua ahalbideratu nahi du Zubi Zahar Herri Ikastolak, haurra bera protagonista izanda. «Umearen ziurtasun fisiko eta emozionala bermatzea lehentasuna da ikastolarentzat, eta berme hori betetzeko oinarriak, beti ere, errespetuan eta konfiantzan eraikiak dira».

Egokitzapen epea. Ekintzak, mugimenduak eta jolasak dira protagonista Haur Hezkuntzako urte horietan. Jolasa, haurren ikasteko modu naturala izanik, egunerokotasunean txertatuta daukate ikastolan; eguneroko jardueretan konfiantzazko eta maitasunezko giroa oinarri da.

Ikastolara sartu bezain pronto, umearen errealitatea aldatu egiten da, segundo bakar batean: inguru ezaguna izatetik, ezagutzen ez dituen pertsonez eta espazioz inguratuta aurkitzen da. Lehenengo aldi horietan, bakoitzaren interes eta beharretara egokitzeko denbora behar du umeak, baita inguru eta pertsona berriak ezagutzeko ere.

Denbora tarte horretan umeari lasaitasuna transmititzeak berebiziko garrantzia du ikastolarentzat, aurrean dagoen txikiari normaltasuna eta segurtasuna helaraziz. Irakasleentzat ere egokitzapenerako garaia izaten da honakoa; beraz, elkarrekin, modu kolektiboan, ekiteko eta egiteko momentua izaten da, beti ere, ume eta familia bakoitzaren denborak ulertu eta errespetatuz.

Izan ere, familiarengandik banatze hori ez da soilik fisikoa izaten; segurtasuna, babesa eta gaitasunak zintzilik sentitu ditzake umeak, eta, horren aurrean, ume bakoitzaren erantzuna desberdina izan daiteke: poza, jolasteko gogoa, negarra, liskarrak edo alde egiteko jarrera, besteak beste. Horregatik, bakoitzaren egokitzapena ere desberdina da.

Ateak zabalik. Beraz, ziurtasun afektiboaren bidez, haurraren eta hezitzailearen arteko lotura eraikitzea da helburua. Zentzu horretan, Zubi Zahar Herri Ikastolak badaki zein den nahi duen etorkizuna, eta bide horretan urratsak ematen dabil, gizartearen berebiziko aldaketa horretara egokitu, eta hezkuntzatik eragiteko; Antzosolotik Ibaiondora, eta Ondarroatik Euskal Herrira. Hortaz, ikastolako ateak zabal-zabalik dituzte txikienentzat, hastear dauden bidaia berria elkarrekin goza dezaten.

Etiketak: Erreportaia