Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

2020an burutuko da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

 

Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin.

Informazio gehiago: https://euskaraldia.eus/etxealdia/