‘Erdian Erein’ lelopean ospatuko da Tafallan 2022ko Nafarroa Oinez
Gaur aurkeztu da Nafarroa Oinezen hurrengo edizioa, Erdian Erein lelopean, urriaren 16an Tafallan egingo dena. Aukeratutako leloarekin, ikastola antolatzaileak eskualdean euskararen erabilera eta presentzia sendotu nahi ditu, Aritz Azkarate lehendakariak azaldu duen bezala, «gure seme-alabek euskaraz jolasteko, ikasteko, lan egiteko eta ametsak gauzatzeko aukera izan dezaten. Eta egin dezatela benetan gainerakoekiko baldintza berdinetan, eta hori eguneroko borroka bihurtu gabe».
NIEren Iruñeko egoitzan egin den ekitaldian datorren Nafarroa Oinezen logotipoa ere azaldu da.
Arte-ezkur bat laranja eta berdeen artean, Nafarroako landaren koloreak. Irudi horren bitartez, Tafallako Ikastolako zuzendari Paula Arregiren arabera, txikia den zerbait erraldoi bilakatu daitekeela adierazi nahi da.
Logotipoa Tafallako Oinez Basoari egindako keinua ere bada. 2011ko Nafarroa Oinezen inguruan sortutako proiektua da, eta ezkur txikien ereite kolektibotik abiatuta, milaka zuhaitz landatzea ahalbidetu du.