23. KORRIKAk Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du

Baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko hiru hamarkadan baino gehiagoan borrokan aritu eta ari diren ikasleek jaso dute KORRIKAren gorazarrea. Halaber, Oihaletxea dokumentala (Lander Garrok zuzendua) aurkeztu da, non Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen diren. Omenaldi-ekitaldia gaur (urtarrilak 25) izan da, Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan.

Euskara da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, KORRIKArena bezalaxe. Ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik.

KORRIKAk, aitortza xume honen bidez, haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du. KORRIKA arduradun Ane Elordik aipatu bezala, “Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela”.

Seaskako Lehendakari Peio Jorajuriak hartu du gero hitza, eta Bizkarsoro filmari (Josu martinez, 2023) erreferentzia egiten hasi da, bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi izaten den errealitatea dela aipatuta: “XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara, zangopilatua”.

Beskoitzeko ikastolaren afera salatu du ondoren: “Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?”.

Oztopo eta traba guztien gainetik, euskaren ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu ditu: “Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen aitzinean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien aitzinean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea debekatu nahi dieten errektore** eta agintari zapaltzaileen aitzinean”.

Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak, aipatu du frantses Administrazioak irakasleria konplize nahi duela hizkuntza-zapalketan. Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da: “Ikastolak, hautetsiak, jendartea… herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko”.

Ikastoletan, berdintasun-, errespetu- eta elkartasun-balioetan heziak izan gara”. Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aitzineko belaunaldien lana du azpimarratu: “Zonbaitetan, kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, okupazio- eta desobedientzia-ekintzekin; baina, beti, maitasunarekin, gure aitzindarien bideari jarraikiz”. Egungo ikasleak lekukoa hartzeko prest daudela adierazi du Gueiçanburuk, “KORRIKAn bezala, lekuko hori beste belaunaldiei pasatuko diegu, harik eta Euskal Herri euskalduna lortu arte!”.

Gehiago jakiteko

 

Etiketak: Albisteak