Kalean dira ikastetxeetarako 23. KORRIKAren unitate didaktikoak, AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanari esker
Euskal Herri osoko eskoletan zabaltzeko unitate didaktiko horiek eskuragarri daude KORRIKAren webgunean. Ikasmaterialak adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Hainbat berrikuntza dakarte, baina betiko helburuak: euskararen aldeko jarrera zabaldu, euskararen aldeko kontzientzia suspertu, eta erabileran eragitea; eta, nola ez, KORRIKA ezagutaraztea. Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitate didaktikoen egilearekin elkarrizketa laburra izan dugu.
KORRIKAren azken bi edizioetan bezala, unitate didaktikoak modu digitalean argitaratu dira. Unitateok helburu dute euskararen erabilera sustatzea eta indartzea eta, noski, euskararen aldeko ekimenaren girotze-lana egitea.
Era berean, aipatzekoa da jarduerak ez direla soilik euskara arloan lantzekoak. Izan ere, hainbat irakasgaitan erabiltzeko pentsatuta daude, Gorputz Hezkuntzan, esaterako.
Unitateak adinaren arabera sailkatuta daude, eta, edizio honetan, izen berriekin datoz:
HARRO unitatea, 3-6 urte bitartekoentzat.
HERRI unitatea, 6-9 urte bitartekoentzat.
ORRO unitatea, 9-12 urte bitartekoentzat.
KORRI unitatea, ikasle nagusientzat (12-18 urte bitartekoak).