AZAROAK 25

INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEKO
GAKOAK SORTZEN

UNITATE DIDAKTIKOA

 

Tratu onak​

 

1. SARRERA ETA JUSTIFIKAZIOA

Azaroak nolabait badu barrura begiratzearekin, etxearekin, hotzarekin, iluntasunarekin edota negua datorrela sentitzearekin lotura sendo bat Euskal Herrian. Kaleetan gero eta jende gutxiago ikusten da, udako erritmo bizi eta zoroa desagertu eta etxeko epeltasunean egoteko nahiak gailentzen dira. Azaroa bada beraz etxea (pribilegio hori dutenentzat behintzat), manta epelak edota gaba luzeak.

Azaroa baina ez da hori bakarrik, ezin dugu goxotasunarekin edo epeltasunarekin lotu bakarrik. Azaroa hilabete seinalatua ere bada. Bada indarkeriaz hausnartzeko hilabetea. Etxe barruetan, kaleetan zein eskoletan gertatzen diren tratu txar, jazarpen egoera, telebistan eta plazetan hedatzen ditugun erailketa matxista, iragarki sexista edota ume zein sexu-genero disidenteek bizi duten indarkeriaz hausnartzeko hilabetea ere bada.

Memoria egitea eta indarkeriari izena jartzea beharrezkoa dugu indarkeriaren normalizazioa gerta ez dadin. Erasoak, mehatxuak, oihuak, irainak, umiliazioak, mespretxuak, xantaia emozionalak, gutxiespenak, kontutan ez hartzea, erruztatzea, anulazioa, inbisibilizazioa, kontrola… ez genituzke jokabide hauek normalizatu beharko.

Ez da erraza…baina indarkeriari aurre egin diezaiokegu?

Hezkuntzak eman dezake eraldaketarako aukera, hezteko, balioak trasnmititzeko eta ikasteko espazioa den lekutik badu aukera indarkeiriaren eta jarreren inguruan hausnartzeko. Gizarte biolento honek ohikotzat hartzen dituen indarkeriak identifikatu, tratu txarrak ezaugarritu eta jarreren inguruan hausnartzen hasteko. Gizartea eraldatzeko bideak egiten hasi eta mundu berri bat sortzen hasteko.

Indarkeriaren inguruan hitz egiteko espazioak sortzea eta egoera hauen aurreko alternatibak sortzea komenigarria litzateke eta horretarako, Hezkidetza Egitasmotik, Emakumeen edota zapalkuntza egoeretan dauden subjetuen kontrako indarkeriaren inguruan hausnartzeko asmoz, unitate didaktiko bat eskaini nahi dizuegu.

Maila eta adin desberdinateko ikasleei zuzendutako eskaintza egingo dugu eta ikastetxeetan lanketak egiteko baliagarria izan daitekela uste dugu. Tratu onen edota indarkerien aurkako jarreren dekalogoa sortzea izango da helburua, gela bakoitzak bere dekalogoa izan dezan. Horrez gain, kontzeptu baliagarri batzuen eskaintza egingo dugu gaiaren inguruan sentsibilizatzeko

Etiketak: Albisteak