Ausardia eta adorea eskatu diete ikastolek Jaurlaritzari eta alderdiei, euskal hezkuntza sistema propiorako urrats sendo bat egiteko
2022-2023 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia ospatu dute gaur ikastolek, Bergarako Seminarixoa aretoan. Duela egun gutxi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitara eman duen Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa izan da aipagai nagusia ekitaldian, eta ikastolek testuarekiko desengainua hartu duten arren, konfiantza adierazi dute ekarpenekin, zuzenketekin, negoziazioekin, adostasunekin, “benetan behar dugun hezkuntza lege bat” onduko dela.
Zirriborroak alde onak badituela aitortu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk: “Esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasun printzipioa eta helburua jasotzea eta nola ez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak jasota egotea”.
Desengainuaren arrazoiak azaldu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak
- Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko diren ikastetxeek ez dituztelako eskubide eta betebehar berak edukiko, eta, beraz, publiko-pribatu dikotomiari eusten diolako. “Gainera, ikastolok ez gara identifikatuta sentitzen “itunpeko ikastetxe pribatu” titulupean agertzen diren definizioekin. Ez daude islatuta ez gure izaera herritar-komunitarioa, kooperatiboa, ezta gure antolatzeko modua ere. Ikastolok izaera publiko desberdin bat dugun sare propio bat gara, Euskal Herri osoko sarea”.
- Derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek lortu beharreko euskararen ezagutza maila ezarri arren, ez duelako aipatzen murgiltze eredurik, edota Hezkuntza Itunean ageri zen ikasteredu orokortu inklusiborik. “Zirriborroak une oro esparru eleaniztuna jasotzen du, hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela, eta horrela euskararen protagonismoa lausoegia geratzen da. Eleaniztasuna bai, baina hezkuntza euskalduna nahi dugu eta horretarako Euskarak eta euskal kulturak behar dituzten protagonismoa eta lehentasuna izan behar dituzte. Euskarari ezin zaio eman hizkuntza soil baten tratamendua bakarrik. Herri baten, gure herriaren, kultura eta izaeraren oinarria da, eta horrela tratatu behar dugula argi dugu”.
- Euskal curriculuma ez delako aipatzen. “Gure ustez, Euskal curriculumak euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko luke, besteak beste, euskal kulturaren transmisioa belaunaldiz belaunaldi bideratuko dela ziurtatzeko, beti ere euskal kulturaren ezagutza bultzatuz”.
- Euskal Herriaren aipamena falta zaiolako. “Euskal Herria euskararen herria bada ere, bada hori baino askoz gehiago ere; izaera, kultura, hizkuntza, balio eta nortasunarekin lotzen da. Horrek guztiak, nahiz eta agerikoa izan Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lantzen den lege baten inguruan ari garela, legean bere oihartzuna izan behar duela argi daukagu, eta lurraldetasunaren ikuspegitik bezala, ikuspegi soziolinguistiko, kultural eta ekonomikotik ere landu behar dela deritzogu”.
- Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua aurrerapausoa iruditu arren, ez delako inon aipatzen nola burutuko den hori, zeintzuk izango diren hori ziurtatzeko administrazioak jarriko dituen baliabideak.
- Segregazioaren inguruan egiten den hasierako proposamena eta helburuarekin bat etorri arren, planifikazioa eta udalen inplikazioa ikusten baitute tresna eraginkorrena jarritako helburua bideratu ahal izateko, zehaztapen falta oso handia delako.