43 urte euskararen alde

KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen KORRIKA antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 22 KORRIKA eta 43 urte igaro dira. 2024ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta 10 gauez, eta gelditu gabe, KORRIKAk Euskal Herria zeharkatuko du 23. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.

KORRIKA hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek KORRIKA helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Ehunka mila lagunek hartu dute parte aurreko KORRIKA edizioetan. Ekimenaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du.

KORRIKA bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe. Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, KORRIKAren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.

Maitasun eta babes horiek itzuli nahi dizkiogu jendarteari, inguruari, KORRIKA arduratsuago bat sustatuta: feminismotik eraiki, gizarte erantzukizunetik aniztasuna aldarrikatu, aztarna ekologikoari erreparatu, eta abar.

Ibilbidea:

Gehiago jakiteko

Etiketak: Albisteak