Euskararen eta Euskal Kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak ere badira. Aurten, iaz bezala, ezin izan dira egin ohiko formatuan, eta ikastolok ez dugu hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dugu azaroaren 27ko jaialdian erakusteko.
Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta. Horiexek dira azaroaren 27an, Bilboko Euskalduna Jauregian parte hartuko duten artistak. Horietako hiru gaurko agerraldian izan dira: Maixa Lizarribar (Amak taldea), Julen Alonso eta Eñaut Elorrieta, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Elkar taldeko ordezkari Andres Camio Jitu-rekin batera. Iazko jaialdian bezala, aurten ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Iluntzeko 20:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan, Euskalduna jauregiaren webgunean.