Ikastolen Elkarteak ez du jarraituko ‘Eskola Bikaina Denontzat’ prozesuan, honen bilakaera ikusita
Prozesuak ez ditu bermatu benetako eztabaida, eragileen parte hartze erreal eta duina, eta ez die modu serioan heldu segregazioari eta inklusioari buruzko erronka nagusiei
Ikastolen Elkarteak ez du aurrerantzean parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako “Eskola Bikaina Denontzat” mahaiaren dinamikan. Hala adierazi diogu Elkarteko ordezkariok Hezkuntza Saileko arduradunei. Gure ustez, prozesuak ez baititu bermatu benetako eztabaida, eragileen parte hartze erreal eta duina, eta ez baitie modu serioan heldu segregazioari eta inklusioari buruzko erronka nagusiei. Erabaki hau arduraz eta sakontasunez hartua da, azken hilabeteotan mahaian bizitakoak eta Hezkuntza Sailak hartu dituen neurriak aztertu ondoren.
Segregazioaren eta inklusioaren erronkei erantzun partekatuak bilatzeko prest gaude, behetik gorako, garden eta parte hartzaile den prozesu batean. Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dugu: sarbide unibertsala egikaritzen, euskalduntzen, inklusioan sakontzen eta gure komunitatearen elkartasuna antolatzen, euskal hezkuntza propio eta bidezko baten alde.
Prozesuaren bilakaerak ez ditu bermatu parte-hartzeko baldintzak
“Eskola Bikaina Denontzat” ez da prozesu parte hartzailea izan. Deitu diren eragileei ez zaizkie eskaini ekarpenak baldintza egokietan egiteko behar diren baliabideak eta epeak. Bileren aurretik ez da banatzen ez landuko den edukiaren inguruko informaziorik, ezta erabiliko den metodologiaren azalpenik ere. Lan-saioetan ez da eztabaida sakona sustatu, azaleko ekarpenak egitera mugatu da dinamika.
Prozesuan zehar, faseak aurrera joan dira erabakiak hartu gabe eta ez dugu jakin eragile bakoitzak zer ekarpen egin duen, ezta nola jaso diren ere: ez da bozkatu, ez da berretsi, eta hala ere, “aurrerapausoak” emantzat jo dira. Edukiaren muinean ere, Hezkuntza Sailak azken bi urteotan hartu dituen neurriak eta erabakiak ez dira zalantzan jarri; saioak neurri horiek berrestera edo horien gaineko azaleko proposamenak egitera bideratu dira. Gure ikuspegitik, gaia serioegia da halako arintasunez eta azaleko lanketarekin tratatzeko: Sailak, erronka garrantzitsu hauei aurre egiteko erantzun partekatuak baino, argazkia bilatu du.
Hori guztia ikusita, Hezkuntza Sailak “Eskola Bikaina Denontzat” prozesua baliatu nahi duela ondorioztatu dugu, Ikastolen Elkarteak berak guztiz ontzat eman ez dituen hezkuntza legea eta matrikulazio prozesuetan hartutako azken neurriak balidatzeko, eragileon arteko adostasuna irudikatuta.
Erantzun partekatuak lantzeko unea da
Segregazioaren eta inklusioaren erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da erantzun partekatuak lantzea, herri gisa eta ikuspegi integral batekin. Erronka horiei modu eraginkorrean heltzeko, egungo lanketa- eta eztabaida-esparruen izaera eta funtzionamendua sakonki berrikustea eta eraldatzea beharrezkoa da.
Segregazioa eta inklusioa auzi konplexuak baitira, eta haien lanketak dimentsio anitz hartu behar ditu kontuan: sozioekonomikoak, linguistikoak, lurraldekoak, kulturalak eta bestelakoak. Horregatik, erronka hauei herri gisa erantzun behar zaie, ikuspegi partzial edo mugatuak gaindituta.
Behetik gorako prozesu sendo bat behar da, diagnostikoaren atalak eta adierazleak eragileen artean adostuta, eta edukien lanketarako metodologia egoki batekin. Argazki azkarren ordez, eztabaidaren sakontasuna eta kalitatea lehenetsi behar dira.
Horrez gain, askotariko hezkuntza-eragileen parte hartze erreala bermatzea funtsezkoa da: sare ezberdinetako ikastetxeak, hezkuntza inklusiboan diharduten eragile espezializatuak, komunitate eta gizarte-eragileak, baita gaiarekin lotura estua duten beste sektore batzuk ere. Eragileen proposamenetatik abiatuta, aditu desberdinen ekarpenak jasotzea ere garrantzitsua da, segregazioaren eta inklusioaren inguruko auziak beren konplexutasun osoan lantzeko.
Eragileen parte hartzea baldintza egokietan gauzatzeko, metodologia argiak eta epe egokiak planteatu behar dira, eta lanerako dokumentazioa zein eztabaidarako oinarriak aldez aurretik partekatu. Horrela bakarrik izango dugu eragileek eztabaidan sakontzeko eta ekarpen esanguratsuak egiteko aukera erreala.
Azkenik, prozesuak berak eragileen arteko kohesioa indartu behar du, administrazio ezberdinak eta eragileak konpromiso berrietara lotuz. Helburuak lidergo partekatu eta erantzunkide bat eraikitzea izan behar du, ez soilik irudi edo adierazpen bateratu bat argitaratzea.
Gehiago irakurri