Kaixo!

Bir Ganduz proiektua Yaalah elkarteak eta Ondarroako Udalak 2018an Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan abian jarritako ekimena da. Saharar herriarekiko loturak sendotzea, elkartasuna adieraztea eta behar handiena dutenei laguntzea dira proiektuaren helburu nagusietako batzuk.

Helburu horiek lortzeko, hainbat egitasmo ditugu martxan, besteak beste: emakumeen ahalduntzea eta garapen pertsonala sustatzeko etxea, familia zaurgarrienei ur-deposituak banatzeko ekimena eta Saharako ikastetxeekin lankidetza.

Azken urteotan, gainera, herriko ikastetxeak ere batu zarete proiektura. Kontzientziazio-kanpainak antolatuz, ikasle sahararren eta ondarrutarren arteko zubiak eraikiz eta dirua biltzeko hainbat ekimen ere martxan jarrita. Horregatik, gaur egun harro esan dezakegu herriko ikastetxeak ere badirela duela zortzi urte irudikatu ere egiten ez genuen proiektu honen parte. ESKERRIK ASKO!

Aurtengo abenduan ere, elkarteko kideek eta harrera-familiek osatutako talde bat Saharako kanpalekuetara joango da, orain arte egindako lanari jarraipena emateko. Bertan gauzatuko ditugun ekimenez gain, hemendik ahalik eta material gehien eramatea da gure asmoa, bereziki Bir Ganduzen dauden ikastetxe eta haurtzaindegietarako eskola-materiala.

Horretarako, eskola-materiala biltzeko kanpaina jarriko dugu martxan herriko ikastetxeetan, azaroaren 23ra bitartean.

Etiketak: Albisteak