Bihar abiatuko da aurtengo Euskaraldia, eta ehunka mila ahobizi eta belarriprest arituko gara gure hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarari orain baino leku gehiago egiteko saioan, abenduaren 3a bitartean. Ikastolok ekimen honetan aktiboki hartuko dugu parte, guztiok prestatu gara horretarako, izena eman dugu eta ‘ariguneak’ ere sortu ditugu. Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrentzako ekimena izanik ere, txikienetik hasi eta 15 urte bitarte dituzten ikasleak ere ez dira aparte ibiliko, beraiek ere protagonista izango dira gure ikastoletan, eta etxeetan. Oraindik izena eman ez duzuen ikastolakide guztiak animatu nahi zaituztegu Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izatera, guztion artean euskarari indar handiagoa eman diezaoigun.
Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Aurtengo ekitaldian, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune–en bidez.
Ahobizik euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz egingo du; euskara ulertzen badu, euskaraz jarraituko du. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.
Belarriprestak ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira. Gutxienekoa euskara ulertzea da. Hala ere, nahi eta ahal beste egin dezake euskaraz; baina besteek euskaraz egin diezaioten eskatuko du. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Arigunean dira aurtengo ekitaldiko berrikuntza. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan (barne ariguneak) edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean (kanpo ariguneak).
Informazio gehiago nahi duenak euskaraldia.eus webgunera jotzea besterik ez du. Animo, beraz, eta Euskaraldi on!