KANPAINAK

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da. Errigora Balioen arabera kontsumitzekoa, hain zuzen. Zehazki, martxoaren 9tik 29ra kanpaina honetan parte hartuz:

  • Bertako elikagaien alde egingo duzu.
  • Euskara indartuko duzu.
  • Auzolana bultzatuko duzu.
  • Ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzu.

Martxoaren 1ean Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu genuen, gure produktuak gure balioekin estuago lotzeko berme-zigilua. Eta, kanpaina honetan eskaera egitea, identifikatzaile hori indartzeko bidea ere bada. Izan ere, berme-zigilu bizia da sortu duguna, erronka berriei erantzun nahi diena, eta, kontsumitzaileen babesarekin, ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko eta identifikatzaileak konpromiso sakonagoak barnebiltzeko babesa izango dugu. Esan ohi dugun bezala, kontsumitzeko modua aldatuta, ekoizteko erak alda ditzakegu.

Eskaerak

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan.

Banaketa

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.

Ordainketa

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.

 
 
Etiketak: Albisteak