Gaur egun, hezkuntzaren zientzia gisa ulertzen da pedagogia. Pedagogiak hezkuntzaren barruan beste diziplina batzuen eragina ere baduenez, ordea, zientzia gisa ulertzeaz gain, arte gisa ere hartu izan da maiz. Argiaren pedagogiak artearen, zientziaren eta argiaren efektuen baitako hezkuntza biltzen ditu. Horiek guztiak batuta, haurraren garapenean eta ikasteko eta irakasteko prozesuetan diziplinarteko begirada txertatzea dugu helburu.
Argia egunerokoan haurren zein helduen bizitzan presentzia nabarmena duen elementua da. Eguzkiaren argia izan daiteke oinarrizkoena (Euskal Herrian nahi baino gutxiago izan arren), baina hor ditugu kandelen argi kulunkari eta goxoak edota objektu artifizialek eragindako argiak: bonbillak, mugikorrak, esku-argiak, etab. Horietako bakoitzak edertasun konkretu bat eskaintzen digu, arlo estetikoari erreparatuz gero, eta aukera ugari eskaintzen dizkigu, alderdi ludikoaren ikuspuntutik ere.
Esan genezake, beraz, argiaren pedagogiak etengabeko presentzia duela haurraren bizitzan. Argia egunero sartzen baita leihotik. Eta gela zeharkatzen duen bidean barna, marraz-ki ugari sortzen ditu; giroa bete edo goxatu egiten du, edota hustu, hoztu… Arrastoa utz lezake, edota bat-batean desagertu… Egunerokoan sortzen den giroa hertsiki lotuta dago argiarekin; baldintzatu egiten du.
Finean, argiaren pedagogiaren gakoa argiarekin (naturala zein artifiziala) jolastea da, espazio eta jarduerei kolore eta izaera askotarikoak eskainiz.
Argitasunaren munduaren aurkikun-tza norberaren aurkikuntza-prozesuarekin loturik dago. Norberaren gorputza, besteena, ingurua, materialak, horien portaerak… oharkabean gertatzen dira, larregi pentsatu gabe. Haurraren arreta bereganatzen duen itzal bat izan liteke abiapuntua, eta, hortik aurrera, edozein material, aurkezpen, lantegi edota proposamen izan liteke balekoa.
Argiarekin jolastea ekintza zientifiko, ludiko, sortzaile eta artistiko bilakatzen da. Guztiz irekia, globalizatzailea, integrala, diziplinartekotasuna sustatzen duena modu estetiko eder eta armoniatsu batez.
Argiaren efektupean, eguneroko edozein objektu eraldatu egiten da. Edozein objektu erretroproiektorean edo argi-mahaian ipiniz gero, beste edertasun bat hartzen du. Argiak magia-puntua ematen dio, eta erakargarritasun osoz betetzen du materiala edo proposamena.
Gainera, jolas sentsorialean pauso bat aurrerago ematea adierazten du argiak, beste edozein egoeratan suertatu ezin daitekeen edertasun bisuala eskaintzen baitu.