Ikastolen 7. Batzarra eta beronen prozesua aurkeztu ditugu, Albaolan

 

Astelehen honetan, otsailaren 26an, ikastolek heldu den ekainaren 22an ospatuko dugun VII. Batzarraren prozesua aurkeztu dugu. Batzarrean, hurrengo zortzi-hamar urteetan ikastolen mugimenduak egingo dituen urratsak eta ezarriko dituen mugarriak erabakiko dira. Batzarrari begira orain arte egin diren urratsak, ikastoletan hasiko den eztabaida prozesua, helburuak eta konpromisoak azaldu ditugu. Jarraian duzue gaurko agerraldian esan dena.

 

 

Pasaian, 2024ko otsailaren 2

Ikastolen mugimendua osatzen dugun Euskal Herri luze zabalean hedatu eta saretutako 114 ikastoloi eta guztiak batzen gaituen Ikastolen Elkarteari begirako etorkizuneko ildoak zehazteko eztabaida-prozesua da Zazpigarren Batzarra. Helburu batzuk zehaztuko ditugu, hemendik zortzi-hamar urtera ikastolak eta ikastolen mugimendua non eta nola kokatuta egongo garen irudikatu eta kokapen horretara iristeko egin beharreko ibilbidea marrazteko. Ikastolen eta ikastolen mugimenduaren beharrezkotasuna berretsiko dugu, eta euskal gizarteari guztion artean egingo diogun ekarpena erabakiko dugu Ikastolen Zazpigarren Batzarrean.

Beste helburu batzuk ere baditugu:

  • Ikastolen arteko kohesioa eta saretzea areagotzea
  • Ikastolen mugimendua indartzea
  • Partaideen inplikazioa handitzea
  • Erreferentzialtasuna irabaztea

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua eta Zuzendaritza Taldea murgilduta egon gara batzarraren eztabaida-prozesuaren inguruko lanketan. Gogoeta horren emaitza izan dira ikastolen esku utzi ditugun hiru dokumentuak: Ikastolen Seigarren Batzarretik hona egindako ibilbidea jasotzen duen txostena da lehenbizikoa; ikastolei eta hezkuntza-sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jasotzen du bigarren txostenak; eta zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi ditugun eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituen txostena da hirugarrena.

Hauek dira, laburbilduta, ildo nagusi horiek:

  • Ikastola-eredua indartzera, hedatzera eta sorreran genituen baloreak eguneratzera eta guarkotzeko asmoa dugu.
  • Ikastolen Elkartea Euskal Herriko ikastola guztientzat “aterpe” eta “erreferentziazkoa” den nazio mailako erakundea izaten jarraitu nahi du, eta ildo honetan sakontzeko urrats berriak proposatzen ditugu.
  • Gobernantza demokratikotik antolatuak gaude, eta hezkuntza komunitateko kide diren guztien erantzukizun partekatutik bideratua. Eta horrela jardun nahi dugu ere etorkizunean, erabaki komunetan eta erantzukizun banaketan oinarrituz.
  • Ikastolen autonomia  bermatzen jarraituko dugu, Ikastola bakoitzak bere proiektua eraginkortasunez garatu ahal izateko.
  • Ikastolen Elkarteak Euskal Herria bere osotasunean landuko du. Lurraldeen errealitate desberdinei  eta aniztasunari zentzu komuna emanez.
  • Ikastolok Euskal Herritar orori hezkuntza eskubidea bermatzen diegu eta ildo horretan pertsonen aukera berdintasunean sakondu nahi dugu. 
  • Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta euskal herritar  izateko baliabideak eskainiko dizkiegu, euren beharrak erdigunean jarrita.
  • Ikastolon Hezkuntza-proiektua Euskal Curriculumetik eraikia izango da. Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituta.
  • Ikastolen sorreratik helburu nagusia izan den euskara eta euskal kulturaren transmisioan jauzia eman nahi dugu eta ardatz izango ditugu aurrerantzean ere. Benetako murgiltze eredua gauzatuko dugu, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak eta euskararen ez ofizialtasunak dakartzan oztopoak gaindituta.

Gehiago irakurri

 

Etiketak: Albisteak