Lula Otsoa proiektua:
entzun, irakurri eta bizi daitezkeen istorioak

Proiektuaren audio serie osoa entzungai dago euskaraz eta liburu-bildumaren lehengo bi zenbakiak ere argitaratu dira

Entzunezko ipuinak, album ilustratuak eta hezkuntza‑proiektu oso bat lotzen dituen egitasmoa da Lula Otsoa, Euskal Herriko zein Euroeskualdeko eragileen arteko elkarlan zabalari esker gauzatzen ari dena. Haurrentzako entzunezko ipuinetatik abiatu, eta gaur egun liburu-bilduma baten bidez ere garatzen ari den egitasmoa da. Bilboko Urretxindorra ikastolan egindako agerraldian egin da proiektu  osoaren aurkezpena, eta bertan izan dira egitasmo honetan parte hartzen ari diren egile, lan talde eta eragileak. 

Proiektuaren sorburua audioa da, ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren elkarlanetik sortua: istorioek haurren entzumena eta irudimena pizten dituzte, ahotsen, soinu-giroen eta erritmo narratiboaren bidez unibertso propioak sortuz. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta okzitanieraz ekoitzitako audioseriea da eta 50 ahotsen partaidetza izan du.

Liburu bildumak –Ikastolek ekoitzi dute–, berriz, esperientzia hori osatu eta aberasten du. Entzundakoa irakurketarekin uztartzeko aukera ematen dute, haurrek istorioak berrinterpretatu, irudikatu eta sormenetik berreraiki ditzaten. Horrela, Lula Otsoa-k entzutea, irakurtzea eta sortzea lotzen dituen proposamen integrala eskaintzen du.

Entzun, irakurri eta bizi daitezkeen istorioak

Goizean goiz, ikasleentzako ipuin‑kontaketa saio berezi batekin hasi da eguna, Dorleta Kortazarrek gidatuta, eta ondoren prentsaurrekoa egin da, proiektuaren ikuspegi artistiko, hezitzaile eta territoriala azaltzeko. Lula Otsoa entzunezko ipuin‑serie batean oinarritzen da, eta gaur egun liburu‑bilduma baten bidez ere garatzen ari da; horrela, haurrak istorio bera entzunez, irakurriz eta irudiz berreraikiz murgiltzen dira Lula eta bere lagunen unibertsoan. 

Ikastolen Elkartearen izenean, ikastolek euskararekin eta euskal kulturarekin duten konpromisoa azpimarratu du Nekane Artola lehendakariak: Lula Otsoa ez dela jarduera osagarri hutsa, baizik eta euskaraz eta euskal iruditeriatik eraikitako hezkuntza‑proiektu baten parte osoa. Ikastolek gogorarazi dute herri ekimenetik sortutako hezkuntza sareak kultur sorkuntzarekin eta ekoizpenarekin egin behar duen lotura estua, eta Lula bezalako proiektuek ikasleen egunerokoan euskarazko irakurketa, entzuketa eta sormena uztartzeko aukera bikaina eskaintzen dutela. 

Euroeskualdeko ikuspegia eta lau hizkuntzatan egindako erronka

Euroeskualdearen izenean, Marie Heguyk azpimarratu du Lula Otsoa bezalako egitasmoek erakusten dutela zein garrantzitsua den lurralde ezberdinetako eragileen arteko elkarlana: Ipar Euskal Herria, Hegoaldea eta Okzitania lotzen dituen sare kultural eta hezitzaile baten baitan kokatzen dela proiektua. Haren esanetan, mugaz gaindiko elkarlan horri esker, hizkuntza eta kultura aniztasuna ez da oztopo, baizik eta indargune, eta haurrek txikitatik bizi dute errealitate hori ipuinen eta ahotsen bidez.

Literatur astea

Gehiago irakurri

Etiketak: Albisteak