Eguraldiak eta jendetzak lagunduta, euskara eta auzolana aldarrikatuz abiatu da Araba Euskaraz jaia, Amurrion
Ikastolen mugimenduak herri ekimenaren, elkarlanaren eta eraldaketa sozialaren balioak aldarrikatu ditu hasiera ekitaldian
Giro bikainean, jende andana bildu da gaur Amurrion, Arabako ikastolen jai handiari hasiera emateko. Agintari, gizarte eragile, euskalgintzako eta kulturgintzako ordezkariz zein ikastolazalez bete da jaiaren hasierako ekitaldia. Bertan, Ikastolen mugimenduak herri ekimenaren eta eraldaketaren motor gisa duen funtzioa azpimarratu da.
Amurrion, 2026ko ekainaren 14an. Eguzkia lagun, milaka euskaltzale etorri dira Amurriora Araba Euskaraz jaia ospatzera. Hasiera ekitaldiak babes instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Ikastolen ordezkariekin batera, bertan hitza hartu dute Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Guztiek nabarmendu dute ikastolek hezkuntzan eta euskal gizartean egiten duten ekarpena.
Auzolana eta eraldaketa soziala ardatz
Unai Mendizabalek, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak, argi utzi du auzolanaren bidea ezinbestekoa dela. Bere hitzetan, Araba Euskaraz ez da jaialdi huts bat, euskaltzaleen bilgunea eta ate zabaleko topagunea baizik. Mendizabalek Aiaraldeko egoera sozioekonomiko zaila gogorarazi du. Egoera horretan, ordea, argi izpi bat piztu dela azpimarratu du: sektore ezberdinen arteko elkartasuna eta antolaketa kolektiboa.
Testuinguru horretan, ikastola eraldaketa horren parte aktiboa izan da azken bost hamarkadetan, Mendizabalek adierazi duenez: “Eskualde honetako determinazioak erakutsi digu badirela herriak, badirela errotutako proiektuak, eta badagoela etorkizuna kolektiboki eraikitzeko borondate irmoa”.
Gogorarazi du Ikastolen hezkuntza eredua ez zela sortu euskarak irauteko bakarrik: “Euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen", aldarrikatu du. Halaber, ikastoletako langile eta gurasoen ezinbesteko lana txalotu du, atzo Iruñean sortutako olatuaren ondotik gaur Amurrion beste olatu indartsu bat sortzen ari direla azpimarratuz.
Euskara, kohesiorako lehengai eta zubi
Bere aldetik, Josu Barrenengoak, Amurrioko Aresketa Ikastolako lehendakariak, auzolanaren balioa eta komunitatearen indarra ekarri ditu gogora: "Denok zerbait ematea, gutxi batzuek dena bere gain hartu behar ez dezaten". Gizarte gero eta anitzagoan gaudela onartuta, Barrenengoak ezinbestekotzat jo du inklusioa sustatzea. Ildo horretan, mezu sendoa utzi du: “Euskara da herri kohesiorako eta gizarte joskintzarako gure lehengai nagusia, etorkizun partekatu bat eraikitzeko zubia”.
1977an ikastolaren lehen adreilua jarri zenetik, bertan hezitako belaunaldiak gaur egun herriaren garapenean motor direla harrotasunez adierazi du. Azkenik, belaunaldi berriei lekukoa hartzeko deia egin die, euskarazko hezkuntza eraldatzailean erreferente izaten jarraitzeko.
Datorren urtean, Argantzunen
Trebiñura itzuliko da Araba Euskaraz, 2027. urtean. Gaurko hasiera ekitaldian, ohiko lekuko aldaketa ekitaldia ere egin da, eta Argantzun ikastolako ordezkariek jaso dute Arabako ikastolen jaia antolatzeko eginkizuna. Euskara ofiziala ez den Arabako kuadrilla honetan ikastolak haurrak euskaraz hezteko duen funtsezko eginkizuna azpimarratu dute, eta gaur Amurriora bezala, datorren urtean Argantzunera joateko deia egin dute Ikastolako ordezkariek, joaten diren denak besoak zabal zabal hartuko dituztela hitza emanez.
Egun osoko egitaraua aurretik
Ekitaldi instituzionala amaituta, jaiak eztanda egin du hiru gune nagusitan: Bihotza, Txinparta eta Taupadak. Egun osoko egitarau oparoa dago aurretik. Araba Euskarazen webgunean (arabaeuskaraz.eus) kontsulta daitekeen egitarauaren barruan, hamaika ekintza daude prest: Eh Sukarra, Akerbeltz edo Nafarroa 1512 bezalako taldeen kontzertuak, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, herri kirolak, umeentzako askotariko tailerrak (Argitxoren txokoa, Haurren basoa, Berriaren txokoa...), eta LH zein DBHko ikasleentzako Erronka lehiaketa. "Taupadak berpiztu!" lelopean, jai-giro aparta da nagusi gaur Amurrion.
