Lurralde osoan euskaraz hazi eta hezteko eskubidea aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen

2023ko Nafarroa Oinez festa, bozgorailu erraldoi bihurtu da gaur euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko eskaerarentzat. “Euskara ofiziala Nafarroa osoan eta euskaraz bizi Euskal Herri osoan” aldarrikapena hasiera ekitaldiko mezuen gako nagusietako bat izan da, eta aurtengo Nafarroa Oinezen bidez, lau haizetara zabaltzen ari da, bezperatik zein gaur goizetik Etxarri Aranatzera hurbildu diren milaka lagunei esker. “Gure herrialdeko herritar guztiei hizkuntza eskubide guztiak eta, zer esanik ez, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea bermatu behar zaizkie, muga eta zonifikazioen gainetik, bai Lerinen, Lezkairun zein Etxarrin. Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea… nola ez Nafarroa osoan!”, nabarmendu du Izaskun Errazkin Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariordeak irekiera ekitaldian. Ipar Euskal Herriko egoera ere gogoan izan du Errazkinek, eta, bereziki, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du.


Elena Zabaleta NIEko lehendakariak ere, Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, berretsi egin du ikastolen konpromisoa euskarazko hezkuntzarekin lurralde osoan: “Ikastolok Nafarroaren lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei, eskubide hori bermatuko diegu”.
Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ere zonifikazioa gainditzeko erronka aipatu du hasierako ekiltaldiko hitzartzean. Indar bereziz zabaltzen ari den aldarrikapena den arren, Nafarroako Parlamentuan “gehiengo nahikorik” ez duela gogoratu du. “Baina hori ez da oztopo izan behar nafar askok demokratikoa eta bidezkoa den aldarrikapena egiten jarraitzeko”, gehitu du.

Gehiago irakurri -  Ikastolen Elkarteko artikuloa

Etiketak